Informazioa
FORMAKUNTZAREN AURKEZPENA
Ikastaro honek Mendebaldeko Musika Klasikoaren historiara hurbiltzeko proposamen atsegin eta eskuragarria eskaintzen du, Barrokotik hasi eta gaur egungo musikara arte. Saio bakoitzean garai historiko eta estilo musikal desberdin bat landuko da, mendeetan zeharreko ibilbidea eginez gaur egungo musikara iritsi arte. Ikastaroaren helburu nagusia da ikasleei Musika Klasikoaren etapa, estilo eta konpositore nagusiak ezagutzeko, bereizteko eta denboran kokatzeko tresnak eta ezagutzak eskaintzea.
Horrez gain, ikastaroak arreta berezia eskainiko dio emakumeek musikaren historian izan duten paperari, emakumezko erreferente berriak sortzeko eta musika klasikoaren ikuspegi tradizionala zabaltzeko asmoz. Johann Sebastian Bach, Wolfgang Amadeus Mozart, Ludwig van Beethoven edo Frédéric Chopin bezalako konpositore ezagunez gain, Barbara Strozzi, Maria Anna Mozart, Fanny Mendelssohn, Clara Schumann, Lili Boulanger edo Sofia Gubaidulina bezalako musikagile, interprete eta pedagogoak ere ezagutuko ditugu.
Entzunaldi gidatuen eta ikus-entzunezko materialen bidez, ikasleek musikaren historia ezagutzeaz gain, musika modu aktibo eta kontziente batean entzuten eta gozatzen ere ikasiko dute.
HELBURUAK
- Musika Klasikoarekiko interesa eta gozamena sustatzea
- Estilo eta konpositore desberdinak identifikatzen eta denboran kokatzen ikastea.
- Garai historiko bakoitzaren ezaugarri nagusiak ezagutzea.
- Entzute aktibo eta kontzientea sustatzea.
- Emakumeek musikaren historian izan duten papera ikusaraztea eta emakumezko erreferenteberriak sortzea.
HARTZAILEAK
Ikastaro hau Musika Klasikoa modu hurbil, didaktiko eta inklusibo batean ezagutu eta ulertu nahi duten pertsona guztiei zuzenduta dago.
Ez da beharrezkoa aurretiazko musika-ezagutzarik izatea, ezta musika-tresnarik jotzen jakitea ere.
METODOLOGIA
Ikastaroak 15 ordu izango ditu. Batetik, 6 saio online egingo dira, eta bakoitzak 120 minutuko iraupena izango du. Saio bakoitzaren amaieran, etxean landu beharreko ariketa praktiko edo test bat luzatuko zaie ikasleei. Saio bakoitzean proposatutako etxekolanak, hurrengo saioa baino lehenago bidaliko dira (ikastaroaren plataforma erabiliz), eta irakasleak ebaluatu egingo ditu. Lan horietako bakoitza egiteko 30 minutuko dedikazioa aurreikusten da. Ikastaroaren azalpenak online bidezko zuzeneko bideokonferentzien, aurkezpenen eta ikus-entzunezko euskarrien bidez emango dira.
Ikastaroaren izaera dela eta, gomendagarria da online saioetan zuzenean aritzea. Nolanahi ere, hori ezinezkoa balitz, ikastaroaren martxa grabazioaren bidez jarraitu ahal izango da.
EGUTEGIA
Iraupena: 15 ordu (12 ordu online aurrez aurre eta 3 ordu ikasgela birtualetik kanpo).
Datak: Ostegunetan.
2026ko urriak 29.
2026ko azaroak 5-12-19-26.
2026ko abenduak 3.
Ordutegia: 18:00-20:00.
ESKAKIZUN TEKNIKOAK
Ikasleak Interneterako konexio egonkorra izan beharko du. Era berean, online saioetan parte hartzeko, bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean Zoom bideokonferentzia-aplikazioa instalatu beharko du. Aplikazioa esteka honetan eskura daiteke: https://zoom.us/download
PREZIOA
Ikastaro hau doakoa da.
MATRIKULA IREKIA
Beharrezkoa da “Izen-ematea” atalean dagoen formularioa betetzea.
HIZKUNTZA
Euskara.
DATAK
Hasiera data:
2026ko urriak 29.
Bukaera data:
2026ko abenduak 3.
Orduak: 15.
______________
Ikastaroa amaitzean, ikasleek UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak emandako ziurtagiria jasoko dute.